Bizkaiko Ikasleen Kontseiluak hauteskundeak egin zituen atzo bere karguak aukeratzeko. Hautagaitza bakarra izan zen eta aldeko 7 boto, eta abstentzio bat jaso zituen.
Bizkaiko Ikasleen Kontseilua 2009an sortu zen Bizkaiko Kanpuseko Ikasle Kontseiluen arteko lotura bilatzeko helburuarekin. Azken urte honetan Zentroko Ikasle Kontseilu ezberdinen arteko sare-lana egin da EHU/UPVren maila ezberdinetako informazioa era errazean helarazteko, eta hauetatik iritsitako proposamen ezberdinak babesteko helburuarekin.
Izan diren lorpenen artean, EHU/UPVk Bilbon dituen ikasketa gelen handitzea, kexa protokoloa egiteko prozesuan parte hartzea eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria arloko Zuzendariarekiko harremanak mantentzea. Honek guztiak ahalbidetu digu kexak zuzenean adieraztea, PRESTIK-en lan egitea edo Gazte Informazioaren Europar eguna koordinatzea.
Dena dela, Ikasleen Kontseiluan “ jakin badakigu oraindik egiteko gauza asko ditugula eta hainbat erronkei aurre egin behar diegula, eta horregatik erabaki dugu hauteskundeetara aurkeztea” adierazi du Aratz Castro Bizkaiko Ikasleen Kontseiluko lehendakariak. Lehendakari aukeratu berriaren esanetan “ aurkeztu garenok osatzen dugun lan taldea anitza da eta Unibertsitatea hobetzeko proposamenak aurkeztu ditugu”. Proposamen hauek 5 ardatz, 7 jarduera ildo eta 25 ekimenetan banatuta daude. Lehendakari honek gogoratu digunez “ oraingoa moduko azterketa garaia kontuan harturik, Kontseiluaren lana izango da gure ikaskideen kexak eta erreklamazioak bideratzea” , “ baina argi dugu ezin garela lan horretara mugatu, eta horregatik aurkeztu ditugu unibertsitateko azpiegituraren hobekuntza,Leioarako garraio publikoa, ikasleriaren parte hartzea sustatzea, komunikatzeko tresnak sortzea, ordezkari ezberdinen arteko koordinazioa eta euskaraz ematen den irakaskuntza hobetzea diren 6 jarduera ildoak. .”
Azaldu dutenez, maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeen ostean, bilerak eskatuko dituzte Bilboko Udalarekin eta Bizkaiko Foru ALdundiarekin , beren proposamenak planteatzeko eta akordioak bilatzeko, Bizkaiko unibertsitateko ikasleriari ematen zaizkion zerbitzuak hobetzeko.