Lurgorri Ikasle Elkarteak salatu duenez Eusko Jaurlaritzak ez du onartu unibertsitateko ikasketei erabateko dedikazioa emateagatik diru sarrerarik eza konpentsatzeko bekarik. Horrek desabantaila egoera nabarian uzten du euskal ikasleria estatu mailako ikasleriarekin alderatuta, Estatuko Gobernuak soldata-bekak izenekoak onartu dituelako. Beka mota hau lagungarri gerta daitekeen arren , ezarri diren mugak baxuegiak dira eta guztiz ez nahikoak . Kontuan izan behar da hiru kidek osatutako familiaren kasuan, 900 euroko hileroko diru sarrera izatea exijitzen zaiela.
Oraingo krisi egoerak, baliabide ekonomiko gutxien duten familiak eragin ditu era gogorrenean. Gure ustetan, heziketa eskubidea lehentasuna izan beharko litzateke edozein Gobernurentzat. Hori dela eta, ez dugu ulertzen Eusko Jaurlaritzak inolako neurririk hartu ez izana unibertsitateko ikasleen sarrerarik eza konpentsatzeko eta ikasle orori bermatzeko unibertsitate ikasketak egiteko aukera.
Halaber, Lurgorri Ikasle Elkartearen ustetan, oraingo beka eredua guztiz zaharkituta dago, gertatzen ari den unibertsitateko erreforma kontuan harturik. Bolonia prozesu ezagunak goi hezkuntza ereduaren aldaketa aurreikusten du eta hori ezin da ikasketa planen aldaketa soila izan behar, unibertsitateko araudia eta beka eredua ere aldatu beharko direlarik. Eredu berriak kontuan izan beharko luke “zatikako ikaslearen” figura, hau da, ikasketak eta lana uztartzea bilatzen duen eredua. Dena dela, horretarako beharrezkoa izango da bekak jasotzeko, ikasturte osoan matrikulatzeko beharrizanik ez ezartzea; bestela, Bolonia prozesuaren izpirituaren kontra egingo litzatekeelako.
Esandako guztiagatik, Lurgorri, ikasleen sindikatua den aldetik, Hezkuntza eta Unibertsitate Sailari eskatzen dio sarrerarik eza konpentsatzeko beka sistema berehala onar dezan , ikasleriak bere ikasketei % 100ean ekiteko aukera izan dezan. Halaber, datorren ikasturterako, ikasleak ordezkatzen ditugunekin batera, beka sistema aztertzea eta adostea eskatzen diogu, Bolonia sistemak ekarriko dituen beharrizan berrietara egokitzeko.