Maiatzaren 2an Ikasleriak Kontseilu Sozialean duen ordezkariak hiru proposamen aurkeztu zituen behar besteko arau guztiak beteta: lehena zen Irakasleriaren eta langile ikertzaileen Akreditazio Dekretuaren ingurukoa, bigarrena zen ikasleriak UNIBASQ- lehengo UNIQUAL- erakundearen Azterketa Batzordeetan parte hartzeko duen eskubidearen inguruan, eta azkenik prezio publikoak izozteko eta beken zenbatekoa ezartzeko orduan KPIa kontuan hartzeko beharra.
Maiatzaren 6an UPV/EHUren Gizarte Kontseiluak bilkura deialdia bidali zuen ikasleen ordezkariak eskatutako eta beste zazpi kidek babestutako puntuak sartu gabe.
Gertakari hauen aurrean, Lurgorri Ikasle Elkarteak eta Medikuntzako Ikasleen Batzarrak honako adierazpen hau egiten du:
1. Lehenengo eta behin, Gizarte Kontseiluan ikasleriaren ordezkariarenganako eta honek prezio publikoen, beken politiken, hizkuntza politikaren eta ikasleriaren parte hartzearen inguruan aurkeztu dituen proposamenekiko babes osoa adierazi nahi dugu.
2. Emilio Guevara Gizarte Kontseiluko Presidentearen eta bere Idazkari Nagusiaren jarrera arbuiatzen dugu, onartezin jotzen dugulako Presidenteak Gizarte Kontseiluko kideen eskubideak urratzea eta erakunde honen Araudian ezarritakoa ez betetzea, hau da, arauak derrigorrezkotzat jotzen duela proposamenak eguneko gai zerrendan sartzea, hauek Araudiaren 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
3. Halaber, Gizarte Kontseiluko Presidenteak begirune falta larrian erori da, ikasleen ordezkariari eta proposamenak beren sinaduren bidez abalatu zituzten Gizarte Kontseiluko kideei ez zaizkielako azaldu gaiak Eguneko Gai Zerrendan ez sartzeko arrazoiak, eta erabakia deialdia jasotzeko orduan ezagutu izan dutelako.
4. Era berean, jarrera honekin Gizarte Kontseiluko Presidenteakunibertsitate politikaren gaineko eztabaidaren erabilera okerra egiten du eta Unibertsitatea fiskalizatzeko egitekora mugatzen du; erakunde honek, nahi dugun unibertsitate ereduaren inguruko eztabaidarako esparrua izan beharko lukeelarik.
5. Gaurko Osoko Bilkuran Gizarte Kontseiluko Presidenteak mantendu izan duen zentsura jarrera arbuiatzen dugu, ikasleriaren ordezkariari ez diolako bere argudio eta alegazioak azaltzeko aukerarik eman. Jarrera guztiz inposatzailea da Gizarte Kontseiluko Presidentearena.
6. Gizarte Kontseiluaren Presidentearen jarrera honek arrazoibide politiko argia du, hurrengo hauteskundeak hurbil ditugula ikusirik. Proposamen hauekin bilatzen zen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailak dagoeneko hartu dituen edo hartzeko dituen irizpide politikoak aldatzea eskatzea.
7. Gertakari hauen artean, Lurgorri Ikasle Elkarteak eta Medikuntzako Ikasleen Batzarrak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailburuari eskatzen diogu Emilio Guevara jauna Gizarte Kontseiluko Presidenteari bere kargua berehala kentzea.